XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

AINGERU BIRAKARIA

ZABALDIA hesiturik.
Ahoa hiztun.
Bularra suzko oihan haundia zeharkatzen.

Zabaldia ilunetik, ahoa dardarka.
Bularra suak zeharkaturik.
Su iadanik indarberritzea denak.

Zu eta zure oroimen biluzia ispiluratzen zirenean
eta bihotza kanpoan kirio bat zenean kakotatik zintzilik
ez dakit nolako begiradek estaltzen zidaten ikara
zurekin lurrean etzanik egon ahal izateko.

Hain begi zuriak ixten dituen izua, probatua izanen da,
hiru kopatan serbitua
olatuen itzalpean.

Geltoki bakartian begi haiek
errudun bihurtzen ninduten bapateko argi bizitan.

Adorazioaren sutan konfiantza jarritako hegazti goitarra
Gaueko ekintzetan atsegin nahia gordetzen duen ordua.

Behin begiz estali ninduzuen
ni begi bakoitzagatik gaizki esaka jartzeraino
eta berriro ere, odolez eta izerdiz belaunikaturik,
beste behin eskatu zenidaten gorputza
eta berriro ere sakon sakonetik
begien sakonik sakonenetik beti.